Azaleratu den herritar batasun planteamenduaz eta nafar estatalismoaz

Berriki ezagutarazi da hainbat eragile eta norbanakok herritar batasun berri bat abiatzeko adostu duten agiria. Nire ustez  oso urrun dago une honetan Euskal Iraultzak behar  duenetik eta planteamendu orokorrarekiko desadostasunaz gain,azpimarragarria iruditzen zait (atzerapausu larri gisa) nafar estatalismoaren tesietara ematen den lerratzea. Beraz, bi arlotan banaturik agertuko dut nire irakurketa: planteamendu orokorraz lehenik eta nafar estatalismoaz segidan. Aipaturiko agiria hemen irakur daiteke: http://www.euskoekintza.eu/herritar-batasunaren-sorrera-agiria/

1.PLANTEAMENDU OROKORRARI DAGOKIONEZ:

1) Askapen borrokaren egungo krisitik atera beharreko ondorio garbietako bat prozesuaren gidaritza iraultzailearen izaera erabakigarriarena da. Zentzu horretan, herritar batasun bat tresna egokia izan daiteke halako gidaritza gauzatzeko abangoardia sendo bat dagoenean,baina bestela, herritar batasun bat bere izaeragatik aliantza interklasista bat izanik, erreformismoaren zabalpenerako tresna eta prozesu iraultzailearentzako kaltegarri gerta daiteke. Egungo egoeran, bigarren aukera hortan kokatuko litzatekeela deritzot.

2) Erreformismo zutikzalean talka inter-erreformista bat dago ildo instituzionalista eta ildo alterraren artean, baina aipatu izan dut esparru zutikzaletik at ere ageri dela alterrismorako tendentzia. Horren erakusle dira horizontaltasunaren edota asanbleismoaren idealizazio gisakoak eta baita herri mugimenduekiko antzeko ikuspegiak ere. Aurkezturiko agirian alterrismorako tendentzia hori oinarri izaerako izatera iristen dela erran daiteke.

3) Agiriak islatzen duen aliantzak fronte nazional erreferentzi-ezaugarritzea du,baina fronte nazional bat puntu minimo oso argi batzuen inguruko adostasuna  da eta ezin da nazio askapenerako mugimendu sozialista iraultzailearen motore izatearekin berdindu. Horrela ez bata eta ez bertzea ez izan, eta langile gidaritzarik gabe eta alterrismoz blaiturik,askapen prozesua aitzinatzeko beharrezko ildo abertzale iraultzaile argia baino, Euskal Herri Langilea noraezean sakontzera eraman dezakeen ildo nahasgarria suposa dezakeela  irizten diot.

4) Nire ustez egungo testuinguruan, osoki V. batzarreko ildoan kokatuz eta langileriaren gidaritzaren beharrizana kontuan hartuz, Euskal Iraultza berbideratzeko ildo abertzale iraultzaile argia gauzatzea da premiazko beharrizana. Izan ere, guztiz desbideratuta dagoela pentsatzen baitut eta ez erreformismo zutikzalearen eraginagatik bakarrik:joera autonomo,trosko edota anarkoen urteetako blaitzea faktore oso garrantzitsua eta kaltegarria izan dela uste dut eta halako herritar batasun batean justuki ildo-sektore horien eragina biderkatzen da.

5) Aurreko puntuetan aipaturikoengatik planteamendua desegokia iruditu arren, Euskal Iraultzaren fase honetan atzerritar okupazioarekin bukatzea lehentasunezko zeregina dela uste izanik, agirian gure herriaren okupazioaren auziari eskaintzen zaion zentralitatea aipagarria iruditzen zait.Baina paradoxikoki, kontzepzio nafar estatalistetatik egiten da, eta hasieran aipatu gisan hori atzerapausu larria iruditzen zait. Jarraian azalduko dut zergatik.

2.NAFAR ESTATALISMOAREN TESIETARA LERRATZEAZ:

Aitzinetik Nafarroako erresumaren eta Erdi Aroko atzerritar okupazioaren garrantzia nabarmentzeko irakurketak izanak baziren ere, ildo politiko gisa, nafar estatalismoaren agerpena 2.000. urtearen inguruan kokatzen da. Urte pare bat lehenago argitaratu zen “La Navarra maritima” erreferentzi-liburua eta urte pare bat geroago eratu “Nabarralde” erreferentzi-elkartea. Beraz, 60.hamarkadatik Euskal Iraultza abiatu eta nazio askapenean egindako aitzinamendu osoa aldarrikapen nafar-estatalista hori gabe egindakoa izatea nabarmentzekoa da.

Alderantziz, adierazgarria da Euskal Iraultzaren aurrerapen aldirik handiena euskal nazioa izendatzeko Euskadi izendapena erabiliz egindakoa izatea bera. Klase kontzientzia nazionala hedatuago zegoen garaietan  Herriak zer eskatzen zuen gogoratzea ere aski argigarria da. “Zer eskatzen du Herriak? Askatasuna!presoak kalera!,txakurrak barrura!,Gora Euskadi askatuta!Gora Euskadi sozialista!”.

Egiazko deskonkistan aitzinamenduak hamarkada horietan egin ziren, 2.000. hamarkadatik aurrera ordea, lehenik blokeoa eta azken urteotan gibelaldia bizi ditugu.Ez nafar estatalismoaren eraginez,noski, honen eragina hutsala bailitzateke askapen mugimendua sendoa balitz.Hain zuzen ere nabarrismo honen penetrazio ideologikoa ENAMek pairaturiko ahultze politiko-ideologikoaren isla eta adibide bat da. Izan ere nafar estatalismoaren ekarpena ez baita inolaz ere estatu okupatzaileen aurkako deskonkista borrokan gauzatu, nazio askapenerako mugimendu iraultzailearen eta orohar euskal abertzaletasunaren deskonstrukzioan baizik. Aski argigarria da 2.000tik gaur arteko epea hartuz gero, euskal kontzientzia nazionalak gordinki behera egin duela konstatatzea.

Txabi edota Argalaren garaian ere ematen zioten garrantzia historiari eta ezagutzen zituzten Baskoniako Dukerria,Iruñako erreinua edota Nafar erresuma eta honen desegitea. Ezagutzen zuten Erdi Aroko okupazioa, eta analisi materialista bat eginez, kapitalismoarekin batera gertaturiko asimilazio ahaleginarekiko desberdintasun kualitatiboa nabarmentzen zuten nazio zapalkuntzari dagokionez. Euskararen herriak komunitate linguistiko-kultural gisa, populu edo etnia gisa, milaka urte dituela eta garapen historikoan kontzientzia harturik nazio izanez, estatu nazional propioa izateko eskubide eta beharra duela defendatzen zuten. Baina nafar estatua aspaldi desagerturik (eta bere euskalduntasuna eztabaidagarria izanik eta eredu monarkiko-feudal bat ordazkaturik) , ENAMen hautua ez da inoiz antzinako estatu haren berreskurapena izan, euskal nazioaren eta Euskal Herri Langilearen askapena gauzatzeko berri bat lortzea baizik.

Puntu honetan nafar estatuaren berreskurapen eskaerak duen muin juridizista (eta beraz idealista) azpimarratu behar da. Euskal Herriak frantziar eta espainiar estatuekin duen gatazka, nazio baten eta bi estaturen artekoa izan ordez,hiru estaturen artekoa izatearen ezaugarritzea ikuspegi horretan kokatzen da. Hau da,antzina estatu bat izateak zilegitasun juridiko bat eskainiko lukeelakoan (nazioarteko estatuei begira) egiten den planteamendua da, nazio guztiek autodeterminazio eskubidea gauzatzea inperialismoak etengabe urratzen duenean gakoa afera juridikoa bailitzan!  Jakina,nafar estatuaren izaera “europarra” azpimarratzearena ere (Europako estatu nafarra, Estado europeo de Nabarra…) ikuspegi berberean kokatzen da,berez inork ez bailuke beste kontinente batean kokatuko.

Argi eta garbi errateko, zinezko nazio askapen borroka baten testuinguruan, nafar estatalismoaren ekarpena  nahasmen eta higaduraren zentzukoa izan da. Estatu zapaltzaileen ikurren inposaketaren aurkako “española/frantsesa ez, ikurrina bai” borrokarekiko adibidez,bere “ekarpena” ikurrina baliogabetzea izatea esanguratsua da. Mundu guztian euskal nazioaren ikur gisa ikurrina eta izen gisa “Basque Country”, “Pays Basargque”, “Pais Vasco” edo geroz eta gehiago “Euskal Herria” bera  ezaguna izanik, horien ordez balio dutenak nafar bandera eta “Nafarroa Osoa” direla hedatzen aritzearen antzutasun eta eragin kaltegarriaren adibidea ere aski argigarria (gure herrian bertan bezala nazioarteko beste herri langileei begira ere).

 Ildo nafar estatalista hau nagusiki historialari batzuen eskutik abiatu zen,garai hartako konkistaren ikertzeari begirako korronte historiografiko izatetik haratago, nafar estatuaren berreskurapena proiektu politiko bihurtzeko saioari ekinez. Nabarralde elkarte-enpresa sortuta ekin zioten difusioari eta hastapenetik abertzaletasunean eragitea izan zuten xede, laster beraientzako emaitza nabarmenak erdietsiz. Horren erakusle ETA adibidez bere agerpenetan nafar bandera nazio ikurtzat agertzera igaro izana. Emaitza horiek hazkunde krisi batera eraman zuten nafar estatalismoa eta zatiketa bat gorpuzten hasi zen, batik bat historiografia baliatuz eragiten jarraitu nahi zutenen eta eragiten segitu ordez mugimendu politiko propioa artikulatzeko pausua ematearen alde zeudenen artean.Hain zuzen, mugimendu politiko bat sortzearen asmoak, ordurarte borroka ideologikorik planteatu ez eta hedapenean ere (adibidez hitzaldiak antolatuz) lagundu zuten ezker abertzaleko egituren partetik, ildo honen penetrazio eta zabalpenari muga jartzeko erabakia suposatu zuen. Testuinguru hortan, liskar eta zatiketak eman ziren Nabarralden ere eta Tomas Urzainqui eta beste batzuek elkarte-enpresa utzi zuten, geroago alderdi politiko nafar estatalista bat eratzera igarotzeko.

2014an aurkeztu zuten Libertad Nabarra-Libertate Nafarra alderdia eta honen gaur arteko ibilbidea desinfle nabarmen bezala laburbildu daiteke. Eratu zenetik hauteskundeetan parte hartzeko hautua egin eta hutsaren hurrengoa den sostengua lortu dute. “Nafarroa Osoa”aren eta nafar estatuaren aldarrikapenean oinarritutako bere programak ezerezaren babesa izan du eremu hortan.Baina  porrot horren aldean ordea,nafar estatalismoarentzat arrakasta nabaria da aurkeztu den herritar batasun berrirako agiri horretan euren programak ardatz izaera izatea, halakorik lehenago ez baitzuten lortu ez lehengo herritar batasunean,ez eta geroko ezker abertzale ofizialean ere.

Azalduriko guztiagatik, erran beharrik ere ez dago nire ustez nafar estatalismoaren tesietara lerratzea abertzaletasun iraultzailearen inolako eguneratzea izatetik urrun, debideraketan kokatzen dela. Burgesia txiki eta are ertainaren frakzio desberdinak espainiar eta frantziar okupazioaren aurka kokatzea faktore positiboa da berez, baina horrek ez du esanahi nazio askapeneko mugimendu iraultzailearen eta euskal langileriaren ikuspegitik, nazio gatazkaren haien ikuspegi ideologikoak ez onartu eta ez elikatu behar direnik.

 

 

 

 

 

 

 

 

Azaleratu den herritar batasun planteamenduaz eta nafar estatalismoaz

4 thoughts on “Azaleratu den herritar batasun planteamenduaz eta nafar estatalismoaz

  1. nafarroa-k dio:

    Aitzitik, gauza batzuekin ados nago baina nafartasunarenean ez.
    Niretzat oso positiboa da Nafarzaletasuna bultzatzea eta gure Herriko historia lau haizetara zabaltzea.

    Nafarroa, Euskal Herria… Izenak berdin dit, baina nik euskalduna den (hau da, euskaraz hitz egiten den) estatu sozialista bat nahi dut, berdin dit zein izen daukan. Izen historikoa Nafarroa da, nazionalismoak ezarri diona lehenik Euskadi eta gero Euskal Herria.

    Herriak erabaki beza zein izen izango duen, baina hori bai, sozialista eta euskalduna izanen da, edo ez da izanen!

    Bestalde, zuk ongi diozun bezala tesi nafarzale sendorik ez da izan Ezker Abertzalean 2000.eneko hamarkadara arte, eta hori egia da. Baina beti egon dira Nafarroa aldarrikatu duten militante eta norbanako zintzoak. Telesforo Monzon handia esaterako, Antsoren Arrano Beltza Erdi Aroko dokumentuetatik atera eta herri-langilearen ikur bihurtu zuena, edota bere adierazpen nafarzaleak: https://elperiodistacanalla.net/2016/03/09/telesforo-monzon-y-el-jarron-roto/

    Aitzitik, Anacleto Ortueta EAE-ANVko fundatzaileak ere ideia nafarzaleak zituen eta Nafarroa berreskuratzearen alde ere egin zuen, jada 1930.eko hamarkadan.

    Baina nire ustez ez da horrelako tesi indartsurik egon orain arte Ezker Abertzaleko ideologoen partetik analisi historiko oker bat egin delako eta soilik XIX. mendetik honako historia aintzat hartu delako.

    Beraz, positibotzat ikusten dut Nafarroa aldarrikatzea, konkistaz menperatu zuten estatua, euskaldunok unitate juridiko-politiko bakar batean historian batu gaituen estatua (erresuma bai, garaian garaikoa, baina orain ez du inork erresuma aldarrikatzen, errepublika sozialista baino).

    Nafarroa aldarrikatu behar da berarekin independentziak zilegitasun osoa hartzen duelako, eta gainera tesi honekin argudio faltsu españolistei (el nacionalismo vasco es una mentira, euskal herria nunca ha existido, siempre habeis sido castellanos…) eta horrelakoen aurkako armarik onena da.

    Hala ere, eta amaitzeko, independentzia beti ere klase ikuspegitik aldarrikatzen dugun heinean, eta hau da, sozialismoaren erdiestearekin, Nafarroa ere horrela aldarrikatu behar da, euskaldunok izan genuen estatu gisa, baina argi ikusita gaur egun euskaldun guztiok ez gaudela lubakien alde berean eta beraz, ez dugula ezer ere jakin nahi euskaldun horiek, aldiz, beraien suntsipena nahi dugula.

    Atsegin dut

    1. Artikuluan azaldu bezala Euskal Iraultza abiatu eta garatu zutenek ezagutzen zuten historia eta baita Nafarroako Erresumarena ere eta bere aldarrikapena baztertu bazuten ez zen azterketa desegoki bat egin zutelako,alderantziz azterketa egoki bat egin zutelako baizik. Aipatzen duzu Monzon eta beste zenbaiek nabarmentzen zutela Nafarroaren garranzia baina bi gauza erran behar dira hor. Lehena kualitatiboki aldarrikapen desberdina zela,hau da ez zutela nafar estatalismoa bera ildo politikotzat hartzen. Bigarrena Monzon berak ez zituela ENAMen ildo iraultzailea eta euskal langile klasearen ikuspegia ordezkatzen, burgesia nazionalaren ikuspegi bat baizik. Jakina den bezala Telesforo eta Argalak harreman ona zuten,baina baita desberdintasun ideologiko nabarmenak ere. HB aliantza interklasista bat zen eta beraz Monzonek bazuen bere tokia,baina gidaritza iraultzailea ez zuten ez HBk berak eta are gutxiago Monzonek. ENAMen gidaritza iraultzailean eta KAS blokean nafar estatalismoak ez zuen tokirik txikienik ere.
      Beraz, hemen egiazko aurrerapena nafar estatalismorik gabeko irakurketarekin egin da eta orain hori formulatzat hartzea desbideraketan sakontzea besterik ez da.
      Ikuspegi politiko eta estrategikoa lehenetsiz idatzia da artikulua,baina historiaren azterketara joz gero are gauza gehiago erraten ahal lirateke. Hasteko Nafar estatua ez zela euskaldunen estatua izan, hizkuntza,kultura eta erlijio arrotzean oinarrituriko egitura bat baizik. Beraz atzerritar okupazioa salatzeak ez du erran nahi egitura hura aldarrikatzea.

      Atsegin dut

  2. Iepa Xabier,ba aipatzen duzun puntuan desberdintasun nabarmena dugu bai eta uneko lehentasuna atzerritar okupazioarekin bukatzea izatean berresten naiz, ez baita inola ere abstraktua den gauza. Espainiar eta frantziar estatuen menpe Euskal Herria heriotzaren korridorean dago, asmilatua izan eta nazio gisa desagertzeko arriskuan. Egoera hortatik ateratzea beraz, beste kartzela batean segitu arren ez litzateke gutxiestekoa,alderantziz baizik. Baina gainera borroka hori,ez abstrakzioan baizik eta errealitatean, Europar Batasunaren eta kapital finantzieroaren aurkakoa izan da eta izanen da.
    Frantziar eta espainiar estatuak Europar Batasuna dira eta bertan bultzatu dituzte euskal askapen borrokaren aurkako euroagindu eta bestelako neurri errepresiboak adibidez. Areago inperialismo yankeearen euskal borrokaren aurkako eskuhartze errepresiboa ere aski ezaguna da.
    Hortaz esp eta fr okupazioaren aurkako borroka EB,Nato eta inperialismoaren aurkakoa izan da eta izanen da ezinbestean. Hain zuzen idealismo burges-ttipia da pentsatzea Nato edota EBko kide diren bi estatu horiekiko independentzia, nazioarteko inperialismoaren laguntzarekin edota neutraltasunarekin lortzea posible dela eta areago independentzia EB barruan bertan ere posible dela uste izatea. Independentzia borroka-prozesu herrikoi eta antioligarkikoa izanen da edo ez da izanen eta hausturak esp eta fr estatuekiko bezala EBrekikoa ere izan beharko du.
    Espainiar eta frantziar okupazioa gainditzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, Euskal Herri Langilearen askapen bidea irekitzeko funtsezko mugarria baizik. Eszenatokia eta baldintzak erabat aldatzen dituena. Euskal Herri Langileak hori lortzeko adinako antolakuntza,indar eta borroka gaitasuna izateak zer suposatuko lukeen pentsatu behar da. Historikoki burgesia basko pro-oligarkikoak oso argi izan duen gauza da hori eta horregatik izan ziren lehenak Argeleko elkarrizketetan adibidez KAS alternatibaren gauzapena eman zitekeelakoan alarmak pizten. Ongi zekitelako espainiar indarren babesik gabe, euskal langileriarekiko indar harremana erabat irauliko litzatekela.

    Atsegin dut

  3. Xabier-k dio:

    Epa,

    Orokorrean nahiko ados nago artikuluarekin. Ñabardura bakarra 5) puntuan aurkitzen dut (ez da testuaren ideia nagusia baina tira): ez dut uste gaur egun okupazioarekin bukatzea lehentasuna denik, idei hau abstraktuki planteatuta dagoelako. Independentzia txiki-burges batekin, Euskal Herria Europar Batasunan sartuta egongo da seguraski. Horrek, materialki suposatzen du Espainiako eta Frantziako indar okupatzaileak hemendik joango direla, baina gaur egungo goi-burgesiak beste sistema batzuk ditu herrialdeak okupatzeko; kapital finantziarioa, hain zuzen, eta esplotazioarekin jarraitzeko asmoa duten aparatu guztiak.

    Horregatik, uste dut inportantea dela benetako okupazioarekin amaitzeko prozesu iraultzaile erreala bultzatu behar dugula.

    Agur bero bat!

    Atsegin dut

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s