Nazio askapenaren baztertzeari margen txikienik ere ez

Joan den astean polemika baten berri izan dugu Ernai gazte antolakunde zutikzaleak burutuko duen kongresuaren harira aurkeztu diren ponentzien inguruan. Ponentzia ofizialaz gain “Kantauri” deituriko bat aurkeztu da eta ofizialari kontrajarriz hau “iraultzaile” gisa aurkeztu da, ENAMen ikuspegi batetik aztertuz gero azken hau gutxienez ofiziala bezain likidatzailea denean.

Sarean joera batzuk ikusi ditut, “antiofizialtasun” hutsean oinarrituz ponentzia horri nolabaiteko atxikimendua agertuz eta nire aldetik kritika plazaratu eta ildo abertzale iraultzailea beti kontuan hartzearen beharra azpimarratu dut.

Hemen aipaturiko ponentzia eta polemika horren harira “Borroka Garaia Da” blogean utzitako nire iruzkina:

“Ernairen ildoa Abian eta beraz Zutik EHren baitakoa da,beraz erreformismo nazional eta sozialean kokatua da argiki,baina ponentzia alternatibo hau hura bezain likidazionista da ENAMekiko. Inor ez dezala “antiofizialtasunak” eta fraseologiak tronpatu. Ezta pasarte batean egiten den Argalaren aipamenak ere.

Kantauri ponentzia Argalaren planteamenduen antipodetan dago.
Euskal langileariaren askapen borroka nazio zanpaketa testuinguruan garatzen da eta nazio borroka kontraesanak areagotuz klase borroka bera indartzeko elementua izan da.
Europako erdigune inperialistan aurrera eraman diren borroka iraultzaile handienak Irlandan eta Euskal Herrian eramandakoak izan dira. Ponentzia horrek aldiz iradokitzen du ezaugarritze nazionala kenduz langileria batu eta indartuko litzatekeela. Bada, begiratzea besterik ez dago nazio zanpaketarik ez dagoen lurraldeetan halako ezaugarritzea izanik nolakoa izan den langile borroka Europa mendebaldean. Nazio askapena baztertzea langileriaren askapen borroka indartzeko bidetzat aurkezteak ez du zientifikotik ezer,kontrakoa baizik.
Klase azterketa ere halakoa da. Burgesia handia eta ertaina aipatu eta PNV-UPNrekin lotzen ditu Kantaurik,baina aipatu ere ez du egiten oligarkia, burgesia handiaren gaineko frakzio faktikoa. Euskal Herrian oligarkia hori nazionalki española da, espainiar oligarkiaren baitakoa. Frankismoarekin harreman zuzena izan zuen Neguriko oligarkia hori, kapital handia, ez du aipatu ere egiten.
Eta ez du aipatu ere egiten Euskal Herriak pairatzen duen okupazio militarra,ez bi estatu zanpatzaileen asimilazio ahalegina.
Baina gainera fraseologia utzita ildo plantemendua ukronikoa izatetik haratago, erabat idealista da. Baztertu egiten du Euskal Estatu Sozialista eta eredu osoki alterrista bat agertzen du, boterea hartu gabe iraultza posible bailitzan aurkeztuz. Hainbeste fraseologia eta gero lerro nagusitzat “langile elkartasuna” proposatzen du, langile espazioak irabaztea gako gisa ezarriz…azken finean kasik “Ekonomia Sozial Eraldatzailearen” planteamendu berberetan.”

 

Nazio askapenaren baztertzeari margen txikienik ere ez