Abertzaletasuna etxetik ere elikatzearen garrantziaz

Duela gutxi, irakasle euskaldun batek, D ereduko gela batean gertatu zitzaion pasarte hau kontatu zuen:

“- Bertsolari hori frantsesa da?” galdera bota zioten.

Berak orduan, beste galdera batekin egin nahi izan zuen pedagogia:

“- Zuek espainolak zarete?” .

Baina ikasleen erantzunak zur eta lur utzi zuen. Izan ere hau esan baitzioten:

” – Bai, Espainian jaio gara. “

Belaunaldi berrien asimilazio mailaren erakusle den adibide honen inguruan puntu asko aztertu daitezke. Baina nik gauza bat azpimarratuko dut:

Etxean abertzaletasuna transmititzearen garrantzia.

Ikasle espainol horien artean, ziurrenik gehiengo ez badira ere, badaude familia euskaldunetan sortuak direnak. Baina etxetik jaso duten euskal kontzientzia nazionala hutsaren hurrengoa da eta espainiar/frantziar asimilazio bitartekoek zailtasunik gabe alienatu dituzte.

Guraso euskaldun mordo baten buruetan instalatuta dago okupatzaileen naziotasun eta ideologiaren hedapena errazten duen sineskeri alienatzaile bat. Hau da, haurren garapen “librearen” izenean ez direla haurrak “abertzaletasunean adoktrinatu” behar.

Horrela, txikitatik irakasten diete erdaraz (“zenbat eta lehenago elebidundu hobe”) eta gure herriak pairatzen duen zapalkuntzaren azalpena sistematikoki ekiditen saiatzen dira, bestela kontzientzia hartzeak gaztetan arazoetara eramango dituelako… Modu horretan, euskal etxe askotan ez da kontzientziaziorik burutzen eta horren ordez, adoktrinamendua okupatzaileen ideologiak burutzen du.

Emaitza? Bere kasa, “adoktrinatu gabe”, hezi behar omen zuten haurrak, nerabetzarotik aurrera hezurretaraino espainolduak/frantsestuak daudela. Linguistikoki, kulturalki eta orobat nazionalki.

Ze pagotxa gure etsaientzat! Nola izan gaitezke hain inozoak?

Bada garaia etsaiek bultzaturiko konplexu eta joerekin errotik bukatzeko. Euskararen, euskal kontzientziaren eta euskal abertzaletasunaren transmisioa etxean ere egin behar dugu gure seme-alabekin! Libreki garatu eta gure herriaren askatasun eta garapenari ekarpen egin diezaioten ere, zapaltzaileen ideologiak blaituriko alienatu batzuetan bihurtu ordez.

Abertzaletasuna etxetik ere elikatzearen garrantziaz

Utzi iruzkina