Aliatuak,etsaiak,Putin,Errusia, Euskal Herria… eta geo-politikaren oinarriak

Errusiak Donbasseko Herri Errepubliken independentzia aitortu osteko testuinguruan, geo-politika ulertzeko lagungarri diren oinarri batzuk aipatu eta datu batzuk gogoratuko ditugu hemen.

Geo-politikaren oinarriak bi dira:

1) INTERESAK.

2) Interes horien araberako helburuak lortzeko INDARRA.

Interesak era askotakoak izan daitezke subjektu politikoaren eta honen egoeraren arabera. Independentzia nazionala eskuratzea, beste nazio bat menperatu edota kolonizatzea, etsai amankomun bati aurre egitea, baliabide ekonomikoak eskuratzea, mundua dominatzea… Justiziaren ikuspegitik oso desberdinak diren interesak, baina esan bezala, guztiak INTERESAK.

Beraz, jakina, Errusia, Donbasseko errepubliken independentzia aitortu eta berau militarki ere defendatzean, une honetako bere interesak defendatzen ari da (hasteko, bertako pupulazioa kulturalki errusiarra delako).

Errusia noski, ez da munduko herrien lagun altruista. Herrien autodeterminazio eta independentzia bere interes propioen arabera babesten du. Gainerako beste estatuek bezalaxe.

Nazioarteko politikan laguntasuna fikzio bat da eta daudenak etsaiak eta aliatuak dira. Desberdintasuna argi ikusteko, lagun bat, maitasunagatik eta baldintzarik gabe defendatzen da. Aliantza batean ordea, defentsa hori interes batzuk lortzeari loturik dago.

Garbi hitz eginez, Errusiak defendatuko du Kortsikaren independentzia? Horrela, besterik gabe, “herrien laguna” delako? Inola ere ez. Baina eta Frantziarekin zuzeneko gatazkan murgiltzen bada edota kortsikarrek eskaintzen badizkiote Korsika independientean, Bastian eta Cortin adibidez, itsas-portu estrategiko bat eta base-militar eder bat izatea? Orduan gauzak dexente aldatzen dira. Errusiar estatuak etsai duen Frantzia kaltetu eta mendebaldeko Europan, Mediterraneoan, horrelako azpiegitura lortzeko interes oso handia izan bailezake. Alegia, Errusia Korsikaren aliatu potentziala izan daiteke, independentzia horretatik Errusiak ere onurak lortzen baldin baditu.

Kasu horretan, bistan dena, kortsikarrek, estrategia eta borondateaz gain, horrelako aliantza bat planteatzeko INDARRA izan beharko lukete. Izan ere, indarrik gabe, geo-politikan, eragile edota nazio bat, ez da ezer.

Noski, Korsikakoa ulermenearko adibide bat besterik ez da, baina berdin balio du NATO bloke inperialistako estatuek okupaturiko beste nazioentzat ere.

Josean Etxebarrieta, Txabiren anaiak, horrela idatzi zuen aspalditxo: ” Gure etsaien etsaiak gure aliatuak izan daitezke”.

Ikus dezagun historia hurbil pixka bat.

2000. hamarkadaren hasieran Errusiak arazo potolo bat zuen Txetxenian eta Espainiak Euskal Herrian. Vladimir Putinek esplizituki konparatu eta aipatu zituen bi kasuak 2001ean. Espainiak euskaldunak erreprimitzeko bezala, berak ere Txetxenian matxinaturikoak (bai islamistak, bai nazionalistak) “terrorista” gisa borrokatzeko. Baina NATO eta Europar Batasuna, Errusiaren aurka, Txetxeniaren burujabetza eta batez ere mugimendu islamistak gero eta gehiago bultzatzen joan heinean, errusiar agintariek mezua “egokitu” zuten.

Garai hartan Europar Batasunak ETA zein ENAMeko hainbat antolakunde bere “erakunde terroristen zerrendan” sartu zituen,Txetxeniako islamistei “errebelde” deitu eta zapaldu moduan aurkezten zituen bitartean. Bada errusiar diplomaziak mezu bat igorri zien Europa Batasunari, Espainiari eta Frantziari: “Kontuz! Zuek errebelde txetxeniarrak ulertzen badituzue, guk errebelde euskaldunak ulertu ditzakegu”. Gauza, horretan geratu zen, baina interesen araberako geo-politika ulertzeko adibide garbi-garbia da.

Garai beretsuan nazioarteko euskal pilota federazioan bozketa bat egin zen euskal selekzioa ofizialki onartzeko eta bertan Kubak gure kontra bozkatu zuen. Nola? Eraman genituen askok eskuak burura… Kuba sozialista eta anti-inperialista Espainia eta Frantziarekin lerratu gure aurka?

Izan ziren kubatarrei azalpenak eskatu zizkieten euskal abertzaleak eta kubatarren erantzuna izan zen yankien blokeoagatik oso larri zeudela eta ekonomikoki hitzarmen garrantzitsu batzuk segurtatu behar zituztela espainolekin. Alegia, interes handiagoa zekarkiela une hartan Espainia eta Frantziarekin lerratzeak, Euskal Herriarekin egiteak baino.

Hara, INTERESAK eta INDARRA. Ea guk ere, behingoz, ongi ulertzen dugun!

Aliatuak,etsaiak,Putin,Errusia, Euskal Herria… eta geo-politikaren oinarriak