Ekaineko espainiar hauteskundeen osteko azpimarrak

Ekainaren 26an Hego Euskal Herrian gauzaturiko espainiar hauteskundeen inguruan puntu hauek nabarmenduko nituzke:

– Erreformismo zutikzalearen krisia are eta sakonagoa da. Otegi eta bere ke saltzearen efektua ere ezerezean gelditu da. Sortu-Bildu marginalitatera doa. Argi eta garbi herri sektore abertzale sozialistek masiboki abstentzioaren alde egin dute.

-Baina abstentzio hori pasiboa izan da eta ez aktiboa. Abstentzio aktiboaren aldeko kanpaina abertzale iraultzaile argirik eta areago indartsurik ez da izan. Eta horrek aukera galdu bat suposatzen du erreformismoaren higatzea ildo abertzale iraultzailearen eta ENAMen berrindartzean bilakatzeko azkartzeari begira.

-Zentzu hortan zutikzaleek autokritikatik ihesi porrota leundu eta inorako bidean segitzeko asmoa agertzen badute, sektore abertzale iraultzaileetan autokritika latza egin behar dela uste dut  Euskal Herri Langileari alternatiba argirik ez agertzeagatik. Autokritika hori aurrera begirako praxiarekin gauzatuz,noski.

Jakina, sektore abertzale iraultzaile horien artean ez ditut sartzen Sorturen barneko ustezko kritikoak,ez eta kritiko jantziarekin aldez edo moldez Bilduri sostengua ematen diotenak. Aldiz, badira sektore batzuk ziabogaz geroztik Sorturekin eta Zutik EHrekin ezer jakin nahi ez,baina disidentzian gauzak garbi ikusten ez dituztelako praxi iraultzailetik praxi pasibo-pasota eta beraz kontra-iraultzailera igaro direnak. Ziabogaz geroztik zutikzaleei atxikimendua eta bozka ukatzen dietenak, baina orohar erretiratu eta parte hartze politiko minimoa izatera igaro direnak. Galdera bat hauentzako: Likidazionistak hamarkadetako borroka zaborrontzira botatzen ari badira eta alternatiba iraultzaile bat gorpuzteko zailtasunak agerikoak direlarik zein izanen da zuen jarrera? Konpromisoa ekiditea, beste aldera begiratzea eta paso egitea?  Ez duzue ikusten inplikazio ezak likidazionismoari hegalak ematen dizkiola? Ez duzue ikusten gutako bakoitzak urratsa eman eta bere onena jartzen ez badu ENAM eta askapen borroka ez direla mirariz berrindartuko? Ardura gutako bakoitzaren gain dago.

– Espainolismoak batik bat Podemos-IUren eskutik aitzina egiten jarraitzen du gure herrian eta Bilduko batzuek Podemos balizko prozesu independentista baterako aliatutzat aurkeztea oso esanguratsua da. Nazioarteko inperialismoa eta sozialdemokrazia espainola, Euskal Herri Langilearen bi etsai, Euskadiko Ezkerra berriaren bi lagun. Beste laguna PNV, burgesia basko-espainol pro-oligarkikoa, Bilduren post-abertzaletasun postmodernorako deriba ikusita udazkeneko EAEko hauteskundeetarako mozorro abertzalea jantziko duen alderdi aberri-saltzailea.

– Borroka instituzionala (instituzioetan egonez edo egon gabe) eta hautes-eremua ez da inoiz ENAMen borroka esparru garrantzitsuena eta are gutxiago bakarra izan, baina bai borroka integral baten baitan etengabe jorratu, baliatu eta landu den esparrua. Esparru hori kalearen idealizazio alterrekin edo ezkerkeriazko printzipismoarekin mespretxatzen dute batzuek, baina oso garrantzitsua den arlotzat hartu eta landu beharra dago konplexurik gabe. Hauteskundeak garrantzizko gertakari politikoak dira eta garrantzizko gertakari politikoen aurrean askapen mugimenduek beharrezko dute argiki posizionatu eta kokatzea.

-Urriko EAEko hauteskunde autonomiko baskongadoetan ildo abertzale iraultzaile batetik Euskal Herri Langileari (eta kasu hortan Araba,Bizkaia eta Gipuzkoako sektore abertzale sozialistei) hautes-aukera zehatz bat eskaini eta berau bultzatzeko kanpaina egitea oso garrantzitsua iruditzen zait. Eta aukera horietan saiatu beharreko lehena kandidatura independentista sozialista abertzalea aurkeztearena dela deritzot.

Ekaineko espainiar hauteskundeen osteko azpimarrak

1 thoughts on “Ekaineko espainiar hauteskundeen osteko azpimarrak

  1. Mikel Erro-k dio:

    Aupa, Arranomendi! Gure arteko eztabaidak hartu duen dimentsioa kontuan hartuta, heldu diren egunetan erantzun global bat prestatzen hasia naiz, gure arteko diferentziak zehaztu eta argitzeko asmoz. Azken finean, abertzale eta sozlalista iraultzaileen artean diren bi joera eta sentsibilitateak dira, eta ez Euskal Herrian bakarrik, Catalunyan, Korsikan, Bretainian, Gales, Irlandan, Eskozian eta Galizan ere bai. Europako nazio zapaldu guztietan, azken finean. Arlo soziala eta arlo nazionala, eta nola uztartu biak, alternatiba taktikoak eta helburu estrategikoak, borroka guztien artikulazioa, hauteskundeak, herri boterea, herritar batasunaren ezaugarritzea… Udazkenean Ezker Abertzale Iraultzaileak erronka handiak ukanen ditu aitzinean, eta arlo teorikoan gai horiek guztiak aldez aurretik jorratzea mesedegarria izanen da, beti ere, baldi eta gure arteko batasunari eusten badakigu, jakina. Gainera, kontu batzuk praxian bakarrik argituko dira. Baina komeni da ahalik eta eztabaidarik sakonen egitea gure artean, zenbait korapilo askatzeko, edota, ezinezkoa baldin bada, identifikatzeko bederen…

    Izan ongi, eta besarkada bat!

    Atsegin dut

Utzi iruzkina